Lan-saria
Ba al dago legez ezarritako lansaririk etxeko langileentzat?
Bai, eta harreman zuzena dauka lansaioarekin.
Astean 40 orduko lanaldirako, Gobernuak urtero ezartzen duen 14 ordainsariko gutxieneko soldata izango da.
Astean 40 ordu baino gutxiagoko lanaldia bada, lansaria orduen arabera kalkulatzen da.
Egote-aldi orduak egiten badira, gutxienez lanorduaren balio berdina izan behar dute. Langile batek gutxieneko soldata jasotzen badu, 8,87 € jaso beharko du egote-aldi ordu bakoitzeko.
Nahiz eta etxeko langileek gutxieneko soldata baino lansari baxuagoa hitzartu, ez du legezko lansaria, atzerapen eta guzti, exijitzeko eskubidea galtzen.
Legezkoa al da janari eta logelagatik soldatan kenketarik egitea?
Bai, aurretiaz enpleatzaile eta langilearen artean hitzartu bada. Dena dela, jardunaldi osoan lan egiten denean ezin da diruzko gutxieneko soldata baino gutxiago jaso. Aurten 1.134 € bider 14 da.
30 eguneko bazkaritarako deskontua inoiz ezin izango da soldata osoaren %10etik %15era baino gehiago izan. Legeak gehienez %30eko kenketa baimentzen baitu gauzazko soldatagatik (gosaria, bazkaria, afaria eta logela).
Zer da antzinekotasun saria?
Aurreko legerian, enplegatzaile berarekin lan egindako 3 urteko, etxeko langileak bere soldatan %3ko igoera izateko eskubidea zeukan, eta horrela jarraian 3 urteko aldi bakoitzeko, gehienezko muga bost hirurteko izanik, hau da, 15 urteko antzinatasuna.
Osagarri hau ordaintzeko, lan egindako denbora 1986ko urtarrilaren 1etik kontatuko da, aurretik lan egindakoa ez da kontuan hartuko.
Antzinatasun osagarria 2012ko urtarrilaren 1etik desagertuko da. Aurreko hirurtekoak dituztenek mantenduko dituzte, baina aurrerantzean ez dute hirurteko berririk sortuko.
Aparteko ordainsarirako eskubiderik badago? Nola kobratzen da?
Urtean, langileak 2 aparteko ordainsari jasotzeko eskubidea dauka, bata uztailean eta bestea abenduan.
Urtean zehar kobratzea hitzar daiteke, baina 40 orduko lanaldirako ezingo da urteko kopuruan lanbide arteko gutxieneko soldataren azpikoa den eskudiruzko soldata jaso.
Urteko soldata igoerarako eskubiderik badago?
Bai, eta aldeen arteko hitzarmenik lortu ezean, urteko igoera zerbitzuak ematen elkarren segidako hamabi hilabete betetzen diren hilabetearen hitzarmen kolektiboen soldata igoeraren batez besteko ehunekoaren parekoa izango da.
Langilea umeak zaintzeko edo janaria prestatzeko baino ez bada kontratatu, soldata jaitsi ahal zaio etxeko langile bati dagozkion zereginak ez egiteagatik?
Ez, soldata lanorduen arabera ezartzen da, eta ez zereginen arabera.