Gizarte Segurantza

Nork eman behar du langilearen alta Gizarte Segurantzan?

Enplegatzaileak berak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean, zerbitzuak ematen hasi aurretik. Gizarte Segurantzan, langile bat hainbat enplegatzailek alta emanda egon daiteke.
Hilean 60 ordu baino gutxiago lan egiten dutenen kasuan, alta hartu eta kotizatzeko eginbeharra langilearen esku utzi daiteke, beti ere alde biak ados badaude. Baina enpleatzaileak hileko soldatarekin batera bere gain hartu beharreko Gizarte Segurantzako kuota eman beharko dio.
Dena dela, enpleatzailea ez dago behartuta Gizarte Segurantzako alta eta kuotaren ordainaren betebeharra langileari pasatzeko, nahiz eta hilean 60 ordu baino gutxiago kontratatuta izan.
Langilea hilean 60 ordu baino gehiago kontratatu duen enpleatzailea, derrigortuta dago alta eta kotizazioa egiteko: gainontzeko etxebizitzetan langileak duen lanaldiak ez du eraginik.

Noiz ematen da langilearen baja Gizarte Segurantzan eta nork egiten du?

Baja eskatzeko epea lana utzi eta 6 egunekoa da. Enplegatzaileak egin behar du.

Zenbat ordaintzen dio etxeko langileak Gizarte Segurantzari?

Kotizazioa langilearen hileko soldataren araberakoa da, aparteko ordainsariak barne.
Hau kalkulatzeko, kotizazio oinarriari 15 tarteko soldata-taularen araberako ehunekoa aplikatu behar zaio.

Zenbatekoa urtero aldatzen da, eta Gobernuak ezartzen du.

Ikusi 2019ko kotizazioen taula eta azalpena

Sala daiteke etxeko langilea aseguratzen ez duen enplegatzailea?

Bai, Lan Ikuskaritzan sala daitezke alta emate eza eta Gizarte Segurantzarekiko kotizazio eza. Nahiz eta langileak onartuta eduki aurretik egoera hori.

Langilea aseguratu gabe, gehiago ordaintzearen truke, edukitzeko hitzarmenak ez dauka inolako baliorik.

Gizarte Segurantzak lau urteko atzerapenak ordaintzera behartzen du, baina langileari urte guztiak aitortzen zaizkio.

Ezkonduta dagoen emakumeari, bere senarra Gizarte Segurantzan alta emanda badago, interesatzen zaio zerbaitetarako bera ere alta emanda egotea?

Gizarte Segurantzaren sisteman egoteak bereak diren eskubideak ematen ditu, besteak beste, elbarritasun, erretiro, alarguntasun eta zurztasunagatiko pentsioak.

Bai elbarritasunagatiko, bai erretiroagatiko pentsioa alarguntasunagatiko pentsioarekin batera jaso daitezke.

Zer jasotzen da lan-istripuagatiko baja bitartean?

Lan-istripuen kasuan, aurreko hileko eguneko kotizazio oinarriaren %75 kobratzen da. Tarte bakoitzeko oinarria zati hogeita hamar egiten da. Baja istripuaren ondorengo egunetik hasiko da kobratzen; istripua izandako egunean soldata arrunta kobratuko da.
Ikus tarte bakoitzeko lan-istripuagatiko prestazioa.

Zer jasotzen da gaixotasunagatiko baja bitartean?

Gaixotasunen kasuan, enplegatzaileak 4. egunetik 8. egunerako baja ordainduko du. Bajaren aurreko hileko eguneko kotizazio oinarriaren %60.

9. egunetik aurrera, baja Gizarte Segurantzak ordainduko du zuzenean eta eguneroko kopuru bera izango da; hau da, oinarriaren %60.

21. egunetik aurrera, bajaren prestazioa igo egiten da eta Gizarte Segurantzak eguneko %75 ordainduko du baja amaitu arte.

Berriro baja hartu behar izanez gero, gaixotasun beragatik eta bi bajen artean 6 hilabete igaro ez direla, bigarren baja lehenengo egunetik kobratzen da.

Amatasunari dagokionez, beste langileek dituzten eskubide berak izaten dira?

Bai, 16 asteko atsedenaldirako eskubidea dago seme-alaba bakoitzeko, beste 2ra luzatzeko aukerarekin erditze anitzen kasuan, eta horietatik 6 derrigorrez hartu behar dira erditu ondoren.

Beste 10ei dagokienez, langileak erabakiko du zenbat hartu aurretik eta zenbat ondoren

16 asteetan kotizazio oinarriaren %100 kobratuko da.

Zer behar da amatasunagatiko prestazioa izateko?

Amatasunagatiko baja hasteko unean alta emanda egon behar da Gizarte Segurantzan, eta, gainera, adinaren arabera, ondorengo kotizazio aldiak beteta:

21 urtera arte: ezer ez.

21 urtetik 26 urtera: azkeneko 7 urtean 90 egun; edo bizitza osoan 180 egun.

26 urtetik gora: azkeneko 7 urtean 180 egun; edo 360 egun bizitza osoan.

Nork ordaindu behar du Gizarte Segurantza bajak irauten duen bitartean, dela gaixotasunagatik, dela istripuagatik edo amatasunagatik?

Baja hartu aurretik bezala, biek jarraituko dute ordaintzen, bakoitzak bere kuota, baina enplegatzailearen erantzukizuna da kuota osoa sartzea.

Zein baldintza bete behar da erretiroagatiko pentsioa kobratu ahal izateko?

65 urte eta 4 hilabete izatea eta 15 urte kotizatuta izatea; 15 urte horietatik 2 erretiro aurreko hamabost urteen barruan kotizatuta egon beharko dira. 2027. urtera arte, galdaturiko urteak eta adina igo egingo dira, beraz, galdetu gure aholkularitza bulegoetan.

Etxeko Zerbitzuaren Montepío delakoari bost urtez kotizatu zutenek, erretiroagatiko SOVI izateko eskubidea daukate.

Kasu askotan, alarguntasunagatiko pentsioa eta erretiroagatiko SOVI bateragarriak dira.

Galdetu gure bulegoetan.

Etxeko lana senideentzat egiten duenari (esaterako, umeak zaintzen dituen amona edo koinatari) eman dakioke alta Gizarte Segurantzan?

Bai, eman dakioke, bi baldintza betez gero: ez bizitzea beraiekin etxebizitza berean eta lana soldata baten truke egitea.